2012/02/28

SOMPORT: ERROMATARREN ARRASTOTIK ESKIEN GAINEAN

Somport Aragoi eta Aspe bailarak bereizten dituen Pirinioko mendatea dugu, lehenak Aragoian eta bigarrenak Okzitanian kokaturik. Portuak 1600 metroak gainditzen ditu, altuera handia inondik ere, baina are handiagoak dira bere inguruan 2500 metrotik gora duten gailurrak altxatzen, horietariko batzuk ospe handikoak, Aspeko gailurra besteak beste.

Egun turismoak duen presentziagatik leku ospetsua bada ere (handik daude euskal herritarrok hain bisitatuak ditugun Candanchu eta Astun eski pistak), historiari dagokionez hainbat aipamen egin beharra daukagu. Batetik mendi horietako toponimiak, mende ugari atzera joanda euskaldunen presentzia zelatatzen du (Candanchu, Aspe, Etsaut, Urdos moduko izenak); bestetik erromatarrek bertan egin zuten galtzada historia unibertsalaren oroimenean geratu da betiko, berorretatik inperio horren legioak Galiaren konkistan joan ziren. Sasoi hartan inguru hori Pirinioko lekurik garaiena zela pentsatzen zuten, eta datu horrek munduko hainbat bazter oraindik zein ezezagunak ziren adierazten digu.

Mendeak aurrera joan ziren, eta inguruko bailaretan artzain komunitateak izan ziren lekuko bakarra, harik eta industri aroan turismoak XX. mendean mendizaletasuna eta eski pistak sortu arte. Hala da ze, azken 100 urteetan inguruak eraldaketa sakona jasan du: denok ezagunak diren eski pistak, Canfranen erabat ezaguna egin zen tren geltokia (urteetan eraikin hura muga igarotzeko puntu garrantzitsua izateaz gain, bertan Doctor Zhibago filmaren pasarte bat filmatu zen), inguruko herrietan ostatu eta landetxeak…. Gizakiaren marka horiek naturari mesede handirik egiten ez dioten arren, oraindik bazter ezin zoragarriagoak ikus ditzakegu. Aipatzekoa estatu frantsesean hainbat kilometro koadrotan zabaltzen den “Parque National des Pyrenees”, behe aldeetan pago eta izei baso mitikoak eta goi aldeetan ehunka gailur eta 200 laku glaziar baino gehiago dituena, bai eta hartz arrea bezalako animaliak ere, egun Pirinioetan desagertzeko zorian dagoena.

Hurrengo asteburuan parke natural zoragarri horren xarmak ikusteko aukera izango dugu, bere basoetan zahar eskiak jarrita ibiltzeko aukera izango baitugu. Berez eski pista batek naturari eragin oldarkor samarra egiten dio, baina iraupen-eskiak mendiaren eta mendizaletasunaren filosofiarekin bat egiteko aukera gehiago emango digu, basoetan barrena dauden pistetan mendia oinez gabiltzan legez ibiltzeko parada ematen digulako. Aldapa gora batzuetan aldapa behera besteetan, mendi horieko inguru gorde ederrenetakoetan kirol egiteak gure osasun fisiko zein mentalari indarra emango dio inondik ere. Baina bizitzan “sufritzeko” ez ginen jaio, eta Jacan ere merezi dugun atsedena izango dugu, kale artean poteoan eta musikaren konpasen atseginean ibiliko garela, jendearen algara lagun.

Honezkero atzerako kontua hasita dago, eta ea egun horietarako gogoaz gain eguraldia ere lagun izaten dugun, sikiera bertora itzulitakoan goi-mendiko eguzkiak eman liezagukeen kolorea luzi dezagun.


Loturak:
http://www.lacsdespyrenees.com/es/parc-pyrenees.html
http://www.lesomport.com

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat