2010/05/31

IKASTURTEAREN BUKAERAREN HARIRA

Ustekabean ikasturtea bukatu zaigu, baina ez edozelan. Izan ere, azken denboraldi honetan egindako txangoen segidak, amaiera polita behar zuen, eta horretarako asteburuko txangoa antolatu genuen, Urduñako aterpetxera hain zuzen ere. Txango hori maiatzaren 22 eta 23an burutu genuen, eta 12 familia eta 44 lagun guraso eta ume ibili ginen. Eguraldi ezin hobea izan genuen mendian ibiltzeko, eguerdi aldean bero samarra suertatzen bazen ere.
Lehen egunean, Antiguako Ama birjinaren elizatik hasi eta, ohiko bidetik Txarlazo mendian gora abiatu ginen. Eguraldi ezin hobeak, gailurrean bertan bazkaldu eta egonaldia egiteko parada eman zigun, eta bertan patxada ederrean izan ginen ia arratsaldeko 5ak arte. Jaitsiera arin samarra egin, eta herritik osteratxo bat egotera joan ginen, iluntzean aterpetxean sartu baino lehen.
Bigarren egunean, gosariaren ostean mendi taldearen batzartxo bat antolaturik Santiago mendiaren inguruetatik ibilbide labur bat egiteari ekin genion, bertako baso ederraz gozatzeaz gain goitik Delikako arroilaren ikuspegi ederraz gozatzeko aukera ere izanik. Bazkaltzeko ordua ordu bata eta erdietan genuen aterpetxean, eta buelta arina egin behar izan genuen. Arrtsalde luzea izan genuen. eta berori emeei oparitxo bana emateko eta soinua, panderoak, txirula eta txistuak harturik jaialditxo bat egiteko profitatu genuen, iluntzean nor bere etxera bueltatu arte.
Oro har, asteburu ederra pasatu genuen Urduñan, eta umeentzako dibertigarria eta nagusientzako aberasgarria izan zen, mendi-paraje zoragarriez gozatzeaz gain euskaraz berba egiteko eta euskal kulturan murgiltzeko aukera izan genuela. Hurrengo ikasturteetan horrelako beste txango batzuk antolatuko ahal ditugu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat